Albisteak

EH Bildu eta EAEko aurrekontuak


| 2019-04-18 18:13:00

Negoziazio edo akordio bat edo beste lotzeko ekimenaz gainera, inork ez luke ahaztu behar herritarren bizi baldintzak hobetzea helburua duten herri izaerako akordioak lotzea dagoela gure analisiaren baitan, beren eskubide sozialak edota askatasuna eta eskubide nazionalak sakontzearen bitartez.

Hauteskunde batzuen atarian ez-ohikoa da EAEko egungo gobernuaren alternatiba izateko helburua daukan alderdiak, EH Bilduk, aurrekontuak adosteko eskaintza egitea; are gehiago kontuan hartzen badugu hasieratik esan dugula aurrekontu horiek gure herriko gehien sozialaren eta langileriaren interesetatik oso urrun daudela.

Tankera honetako eskaintzak salbuespen egoeratan baino ez dira egiten. Zergatik, bada, Gasteizko ganberako oposizioko lehen indarrak bi abstentzio jartzen ditu mahai gainean EAJ-PSEren gobernuaren kontuek aurrera egiteko eta ez luzatzeko?

ARRAZOIAK ETA TESTUINGURUA

Aurten izaera sozial eta herritarra zuten hainbat mobilizazio handi izan dira gure herrian. Kaleak hartu dituzte, eta agerian utzi dituzte gure komunitatean dauden defizit sozialak. Olatu sozial horren barruan izan diren mobilizazioen artean daude: Martxoaren 8koa (soldata arrakalarena egin zuten salaketa nagusietako bat izan zen), alargunen eta pentsiodunen mobilizazio erraldoiak (gure artean miseriazko pentsioak daudela bistarazi zuten) edota enplegu duina aldarrikatzeko eta arrazoi ekonomikoengatik atzerrira irten behar izatea salatzeko gazteek eta langileek egindako mobilizazioak. EH Bildu mobilizazio horietan izan da eta babestu egin ditu.

Gure herrikideen bizi baldintzak hobetzea lehentasuna da EH Bilduren eginkizun politiko eta moralean.

Kalean dauden mobilizazioak eta aldarrikapenak, herritarrek sentitzen dutena eta dituzten beharrak instituzioetara eramatea obligazioa da guretzat (kasu honetan, hiru herrialdeetako herritarrena). Horrenbestez, gure proposamenaren salbuespen izaera ezin da ulertu aurten gure herriko kaleetan izan diren mobilizazioak aintzat izan gabe. Mobilizazio horiek instituzioetan jarduteko daukagun aukera zabaltzen du. Ezker independentistak mobilizazio horiek baliatu behar ditu, herritarrek kalean egiten dituzten aldarrikapenek lekua izan dezaten gobernuaren politika publikoetan. Beste modu batera esanda, mobilizazioak eta antolaketa herritarrak balio behar dute politika publikoak aldatzeko.

Herritarren bizi baldintzak hobetzea asmo duten eskubideak eta eremua irabaztea izan behar da mobilizazioen eta antolaketa herritarraren xede nagusia.

PROPOSAMENA

Testuinguru honetan hiru herrialdeetako lehendakariari galdera zuzena egin genion: Egin daitezke aurrekontu batzuk gure kale eta plazetan herri honetako emakumeek, gazteek, pentsiodunek eta alargunek marraztu duten errealitateari bizkarra emanda?

Gure ustean, EAEn babes sozialaren alorrean egiten den gastu publikoa zuzentzeko tresna izan beharko lirateke aurrekontuak. Gure eskaintza, horrenbestez, Gobernuaren politika sozialak eta ekonomikoak zuzentzeko proposamena zen eta da.

Norabide horretan, zuzenketa akordiorako lehentasunen artean hiru jarri genituen: soldata arrakala, enplegua eta pentsioak.

Behar sozial horiek asebetetzen hasteko, eta diru-bilketaren inguruan Finantzen Euskal Kontseiluak emandako datuak aintzat hartuta, 420 milioi eurotako aurrekontu aldaketa proposatu genuen; horietatik 350 milioi euro pentsiorik baxuenak osatzeko bideratzea proposatu genuen, lanbide arteko gutxieneko soldataren mailetara iristeko helburuarekin. Egiturazko izaera izango lukeen pentsioak osatzeko sistema abian jartzea ahalbidetuko liguke gure eskaerak eta, aldi berean, pentsioak osatzeko sistema publikoa izatea eta hori aurrekontuen bitartez egitea. Modu horretara, laster gure artean izango dugun egoerari aurrea hartuko genioke, herrialde aurreratuenak egiten ari diren bezala, etorkizunean ezinezkoa izango baita pentsio sistema publikoari eustea, aurrekontuen ekarpenik gabe.

GAUR EGUNEKO EGOERA

Enpleguaren alorrean hurbilpenak izan diren arren, beren aurrekontuak 48 milioitan aldatzeko prest dagoela erantzun du EAJk (aurrekontu osoaren %0,4), pentsiodunen eta alargunen aldarrikapenak bazterrean utzita.

Gobernuaren proposamenak RGIaren 5.000 onuraduni bakarrik eragingo dio. Kontuan izan behar da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 190.000 pentsiodun daudela. Pentsiodunen elkarteek azpimarratu duten bezala (ostiralean, bihar, haiekin bilduko gara), 5.000 pertsona horiei hilean 16 euroko igoera ekarriko lioke gobernuak egindako proposamenak. Begiratzen den lekutik begiratuta, gobernuak egindako proposamena onartezina da.

Maddalen Iriartek adierazitako moduan, “politika sozialetan zuzenketarik egin gabe eta gure pentsiodunen eta alargunen bizi baldintzetan aldaketa nahikoak egin ahal izateko aurrekontu nahikotasunik gabe ez da EAEko kontuen inguruko akordiorik izango”.

Hau ez baita aurrekontuen inguruko EAJren eta EH Bilduren arteko negoziazioa; okerren dauden sektoreen beharrik larrienak konpontzen eta horra bideratutako politikak zuzentzen hasteko botere publikoek duten gaitasun edo gaitasun falta da hemen gakoa.

Garaiz gaude oraindik. EAEko gobernuaren teilatu gainean dago pilota. Gobernuari dagokio bere eta politika sozialetan eta ekonomikoetan egiturazko aldaketa ekarriko duen eta pentsiodunen eta alargunen bizi baldintzak hobetzeko nahikoa izango den eskaintza aurkeztea. Gobernuak erabakia hartu beharra dauka.

Pentsioetarako diru nahikorik gabe ez da akordiorik izango.