AKTUALITATEA


| 2024-05-07 10:06:00

Arabaren kohesioan aurrerapausoa izango litzateke, EH Bilduren ustez, eta bertoko instituzioak ezagutarazteko kanpainak eta prestakuntza jardunaldiak antolatu eta egiteko zeregina izango luke

Araba. 2024-05-07 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bat erregistratu du gaur proposatzeko Aiaraldean eraikitzea Arabako Erakunde Publikoen Interpretazio Gunea.

EH Bilduren ustez, Aiaraldearen iragan historikoak eragina izan du Arabaren kohesioaren kaltetan, eta Arabako erakundeen ezagutza falta nabaria da horregatik. «Adibide gisa, oroit dezagun Laudio udalerrian XX. mendearen azken hamarkadara arte ezin izan dela Arabako Forua aplikatu, eta ordura arte Bizkaiko Forutik “eratorririko” Foru berezitua-edo izan zuela. Mendeetako egoera honek eragin izugarria izan du Lurralde Historikoaren kohesioaren kaltetan, Aiaraldeari dagokionez, behinik behin. Honen guztiaren ondorio gisa, Aiaraldean Arabako instituzioak ez dira ezagunak eta urrun geratzen dira», adierazi dute EH Bildutik.

Horregatik, Arabaren kohesioan sakontzeko proposatu dute «Arabako Instituzio Publikoen Interpretazio Gunea Aiaraldean sortzea, besteak beste, bertoko instituzioak ezagutarazteko kanpainak eta prestakuntza-jardunaldiak antolatu eta egiteko, Aiaraldeko batzarkideak biltzeko eta lan egin ahal izateko espazio bat bertan edukitzeko edota Derrigorrezko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin jarduera didaktikoak garatzeko».

Mozioan proposatu dute izapideak aurten bertan hastea eta, Aiaraldeko toki erakundeekin elkarlanean, eraikin egokia bilatzeaz gain, interpretazio gunearen nondik norako guztiak zehaztea. Horretarako, ahaldun nagusiari eskatu diote sei hilabeteko epean burututako lanak jasoko dituen txosten bat aurkeztea.