AKTUALITATEA

| 2019-03-26

EH Bilduren legez besteko proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak Osasun Sailari eskatu dio Gernika-Lumoko ospitalean behar diren oheak ireki ditzala, Erakunde Sanitario Integratuko gainerako zerbitzuen jarduera asistentziala osatzeko, Busturialde eta Lea-Artibaiko herritar guztien ospitalizazio beharrak aintzat hartuta. Izan ere, Eba Blancok azaldu duenez, “Gernika-Lumoko ospitaleak zazpi urte beteko ditu aurten, baina hirugarren solairuak hutsik jarraitzen du, ospitalizazio oheak hartzeko aurreikusita zegoen arren”. Hori horrela, “bada garaia benetako ospitalea izan dadin eta eskualdeko biztanleei ospitale zerbitzuak behar bezala eskaintzeko”. Podemos eta PP bat etorri dira EH Bilduren proposamenarekin eta EAJ eta PSE izan dira, ordea, ados agertu ez diren bakarrak.

Blancok osasun arloan Busturialdeak eta Lea-Artibaik historikoki pairatu duten diskriminazioa salatu eta testuinguru horretan kokatu du bere aldarrikapena, “Gernika-Lumon ospitalizazio oheak ez egoteak kilometro asko egitera behartzen dituelako eskualdeko biztanleak, horrek dakartzan kostu ekonomikoarekin eta desgaste fisiko eta psikologikoarekin batera”.

Gernika-Lumoko ospitalean oheak irekitzeko ez ezik, zerbitzuen planifikazio egokia egiteko eta erradiologian eta hemodialisian bereziki arreta bermatzeko ere eskatu du Legebiltzarrak. Halaber, bertako osasun zentroan behar diren hobekuntzak egiteko galdegin du, EH Bilduk hala proposatuta, lehen mailako arreta zerbitzuak irisgarritasun, ekitate eta unibertsiltasun baldintzetan emateko.