AKTUALITATEA

| 2019-04-05

Azken urteotan Espainiar Estatuaren garapenak agerian utzi du modu desberdinak daudela bere konfigurazioa eta egun Estatua osatzen duten nazioekiko eta herriekiko harremana ulertzeko. Horrela, hainbat alderdik, UPN, PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek, iragan ilunera bueltatu nahi dute, sentsibilitate desberdinak daudela ukatuz, eskumenak murriztuz, autogobernua erabat suntsituz eta garapen estatutarioak galaraziz, Estatuarekiko leialtasunik ez izatea egotziz.

Alderdi hauek lurraldeen arteko elkarrizketa ukatzen dute eta Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa baliatzen dute arma gisa beraien bide autoritarioak inposatzeko bai Katalunian, bai beste lurralde batzuetan ere, eta denbora mugarik gabe. Honek, berez, autogobernuaren eta Autonomia Estatuaren suntsiketa ekarriko luke.

Politika ulertu eta egiteko era hauek neoliberalismoaren interesei erantzuten diete; izan ere, neoliberalismoaren izaera herritarron eskubide eta askatasunak murriztea baita. Honen adibideak dira Aurrekontuen Egonkortasun Legea eta bere ondorengoa, Gastu Erregelarena. Biek ala biek Nafarroako Gobernuari eta Udalei beren gasturako gaitasuna baldintzatu eta egin litzaketen inbertsioetan murrizketak inposatzen dizkiete. Honen ondorioz, legegintzaldi honetan aldaketaren lau alderdiok sostengatzen ditugun Nafarroako Gobernuaren eta Udalen kudeaketa ekonomiko ona zigortu nahi izan dute eta politika hauen emaitza onak nafar herritarron ongizatean modu zuzenean eragin dezan ekidin nahi izan dute.

Hasieran aipatzen genuen estatuan ikuspegi desberdinak daudela, baina tamalez hainbat alderdi esanguratsuetan bat egiten dute. Izan ere, ezin dugu ahaztu PSOE/PSN-ek modu aktiboan parte hartu dutela murrizketa sozial eta ekonomikoetan eta arazo politikoak konpontzeko elkarrizketa ukatzen dituzten jarrera eta neurriekin bat egin dutela. PSOEk Aurrekontuen Egonkortasun Legea ahalbideratu zuen, Konstituzioaren 135. artikulua onartu zuen eta ez du bertan behera utzi ahal izan duenean, 155. artikuluaren aplikazioaren alde posizionatu zen eta, egun ere, hainbat eskumen transferitzeari uko egiten dio.

Nafarroak herritarron gehiengoak Senatuarekiko duen posizioa adierazi behar du, alegia, Senatua ezin dela erabili herritarron eskubideak ukatzeko. Nafarroak lagundu behar du elkarrizketaren, desberdinen arteko adostasunen eta aniztasunaren eredua esportatzen eta, era berean, arazo politikoen aurrean konponbide baketsuen alde eta elkarrizketaren bidean inplikatu behar du.

Bere identitatea maite duen Nafarroa ausartak, bere autogobernua eta beste lurralde batzuena errespetatu eta defendatzen duenak, Nafarroari dagokiona Nafarroan erabaki behar dugula pentsatzen duenak, inor atzean utziko ez duen elkartasun eredu sozial justoaren alde apostua egiten duenak herritarroi alternatiba bat eskaini behar die. Etsipenak ez dauka tokirik eredu gris eta atzerakoiaren inposizioaren aurrean.

Horretarako, hemen sinatzen dugun alderdiok (Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak) aurrerapauso bat ematea adostu dugu, duela lau urte egin genuen moduan, azken lau urte hauetan Nafarroa solidarioa, anitza eta irekia defendatu dugun indar eta sendotasun berberarekin.