AKTUALITATEA

| 2019-04-02

EH Bilduk ontzat eman du Aitzol Gogorza Errenteriako presoa, haren osasun egoera larriari erreparatuz, kartzelatik ateratzeko eta zigorra etxean betetzeko espetxe zaintzako epaileak Basauriko espetxeko tratamendu batzordeak egindako proposamenari jarraituz hartu duen erabakia. Julen Arzuagaren esanetan, “horixe da gaixotasun larriak dituzten presoei eman beharreko irtenbide duina eta arrazoizkoa, tratamendu mediku egokia jasotzeko aukera emango diona”.

Arzuagak irizpide hori orokortzeko eta, Gogorza bezala, larri dauden preso guztiei aplikatzeko eskatu dio Espetxeetako Zuzendaritzari. Zentzu horretan, gogora ekarri du Legebiltzarrak berak hala galdegin duela behin baino gehiagotan eta adostasuna ia erabatekoa dela euskal alderdien artean, PP baita eskari horrekin bat egiten ez duen bakarra. Izan ere, Aitzol Gogorzaren egoera zehatzaz eztabaidatu zuen Parlamentuak 2015eko urrian, eta orduan adierazi zuen “administrazio publikoek pertsona guztiei, preso direnei ere, dagozkien giza eskubideak bermatu behar dizkietela”, eta erantsi zuen “espetxe-politikak konponbide humanitarioak ezarri behar dituela gaixorik dauden presoentzat eta, larri edo sendaezinak diren kasuetan –Errenteriako presoaren kasuan bezala– espetxetik atera behar direla”.

Adierazpen haren ostean ere irizpide berbera berretsi du Legebiltzarrak. 2017ko uztailean, esaterako, “arrazoi humanitarioak eta duintasun pertsonala” argudiatuz, eskumena duten agintariei eskatu zien “gaixotasun sendaezin oso larriak dituzten presoak hirugarren graduan sailkatu eta espetxetik ateratzeko”, eta zaintzeko “errespetatzen dela espetxeratu guztiek bizitzeko, osotasunerako eta osasunerako duten eskubidea, botere publikoek sentsibilitate berezia erakutsi behar baitute espetxe-politika zuzendu behar duten printzipioak aplikatzean”.