AKTUALITATEA

| 2019-03-27

EH Bilduk proposatuta, Legebiltzarrak urratsa egin du gaur Euskal Mugimendu Kooperatiboak Lanbideko Administrazio Kontseiluan ordezkaritza izan dezan behingoz. Izan ere, kooperatiben beraien aldarrikapen historikoa izatez gain, haiek Lanbiden parte hartzeko eskaria guztiz logikoa da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 1.300 kooperatibek Barne Produktu Gordinaren %7 baino gehiago sortzen dutelako eta 60.000 lagun baino gehiagok lan egiten dutelako bertan. “Agerikoa da –esan du Leire Pinedok– kooperatibek oso ekarpen garrantzitsua egiten dutela euskal ehun ekonomiko eta sozialean eta bereziki kalitatezko enpleguaren sorreran eta, hortaz, ez da batere bidezkoa beraiek tokirik ez izatea enplegu arloko politikak eztabaidatu eta erabakitzen diren guneetan, Lanbiden kasu, eta han enpresa-erakundeen ordezkaritza osoa Confebaskek bakarrik hartzea Jaurlaritzak hala erabaki duelako”.

Hori dela eta, EH Bilduk sustatutako akordio parlamentarioaren arabera, Jaurlaritzak hiru hilabete ditu orain kooperatibek Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartzea aztertzeko, “guztiz beharrezkoa delako Lanbiden kooperatiben ordezkaritza ziurtatzea, haien helburu nagusienetako bat enplegua sortu eta mantentzea delako eta Lanbidek hain justu kalitatezko enplegu egonkorrerako eskubidea garatzeko funtzioa duelako. Ez da bidezkoa Lanbidek hartzen dituen eta kooperatibetan ere eragiten duten erabakietan kooperatibek ezin parte hartzea, enpresa munduaren ordezkaritza osoa Confebaski ematen zaiolako”.